Aralarko mendilerroaren aldea, Gipuzkoan kokaturik, paisaien edertasunagatik eta flora zein faunaren berezitasun eta aniztasunagatik nabarmentzen da. Naturgune hau babestea funtsezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoan alde gutxitara hedatzen diren espezie askoren kontserbaziorako. 10.917 ha ditu eta 1994ko apirilaren 26an Parke Natural izendatu zuten. Abeltzaintza oso garrantzitsua da eta mendikatean zehar banatzen diren monumentu megalitiko ugariek erakusten duten bezala, lurralde horretan antzinatik praktikatzen den erabilera. Gipuzkoan tradiziorik handieneko mendialdeetarikoa da, eta bertan egiten den jolas erabilera ere garrantzi handikoa da.

KLIMA
Aralarko mendilerroan urtero 1.700 eta 1.800 mm. euri egiten ditu. Hilabete guztietan zehar banatzen da euria, eta landareentzat guztiak dira hezeak. Iraila eta urria artean, hala ere, ur gutxiago dago beste hilabeteetan baino. Ur banaketa lerroan egoteaz gain, kantauriar klima eta mediterranear klimaren arteko banaketan dago. Mendi hauek euria eta hodeiak alde batetik bestera pasa ez daitezen lortzen dute eta horregatik hodei asko bertan geratzen dira. Tenperaturak egonkorrak dira, batez bestekoa 11 °C da urte osoan zehar, 17 °Cko batez besteko maximoa eta 7 °C batez besteko minimoarekin
Fauna
Aralarko mendilerroan animalia ugari bizi dira. Ornodunak bakarrik 147 espezie dira. Kobazuloetan ere biodibertsitate ugari deskribatu da, 220 izaki bizidun espezie guztira, horietako 102 erdizka kobazulokoak eta 52 espezie kobazuloan soilik bizi direnak. 14 espezie endemiko daude. Artropodoen artean, 465 espezie aurkitu dira, horietatik % 78 intsektuak. Gainera, 63 araknido espezie, 27 krustazeo espezie, 5 diplopoda eta 5 chilopoda. Animalia nabarienak basurdeak, orkatzak eta otsoak dira. Otsoak XIX. mendearen bukaeran akabatu zituzten, baina azken urteotan itzuli egin dira. Beste animalia interesgarri batzuk bizi dira bertan: Microtus nivalis izenaz ezagutzen den karraskari mota, 1000 metrotik gora bizi dena. Gailurretako uhandrea ere oso interesgarria da.
Flora
Aralarko mendilerroko zuhaitz nagusiak pagoak dira eta maila txikiagoan, haritzak, batez ere iparraldean, eta hainbat lekutan arteak, hegoaldean batik bat. Ibaien ertzeetan, lizarrak eta zumarrak agertzen dira. Pagoen artean, haginak eta gorostiak daude. Goi-mendietan belardi nagusi dira, gizakiek sortuak maiz, ardi, zaldi eta behientzako janari gisa erabiliak.